Alki... Bi gizonen, bi munduren arteko topaketa. Peio Uhalde Alki kooperatibako zuzendariaren eta Jean Louis Iratzoki zuzendari artistikoaren arteko elkarrizketaren zati hautatuak.
Zergatik sortu zen Alki kooperatiba?
Peio Uhalde:
Alki 1981-an sortu zen, gure herrian bizi ahal izaiteko bertan lan egiteko
beharra baitzen. Ideia horrekin sortu genuen bost lagunen artean Alki izeneko lantegia, hasieratik aulkigintzan aritu dena (Alki izena hortik dator). Kooperatibaren eredua hautatu genuen, gobernatze demokratikoa ahalbidetzen baitzuen langile bat= boz bat. Honela antolamendua pertsonen inguruan zentratzen da, irabazien ordez.. Hego Euskal Herrian jadanik leku ainitzetan hedatzen ari zen lan egiteko forma ginuen. Hain zuzen ere, hiru urte iragan berri nituen Mondragon taldeko kooperatiba batean.
2005ean, enpresa norabidez aldatzen hasten da... Zergatik? Nola?
Peio Uhalde:
Garai hartan altzarigintza tradizio-nalaren merkatura zuzenduak ginen. 1990eko hamarkada erdialdean europar moneta batzuek (Espainia, Portugal eta Italia) balio gutxitze handia jasanzuten. Frantziako altzari banatzaileak herri horietan hornitzen hasi ziren orduan, prezio baxuagoak zirela eta. Esfortzu handiz hamar urtez iraun ginuen bainan argi ikusiz merkatuaren gainbehera gero eta larriagoa zela. Zerbeit egin behar ginuen lehen bait lehen. Honela, 2005-ean Jean Louis Iratzokiri proposatu nion produktu sortari nolabait buelta emaitea.
Jean Louis Iratzoki:
Peiorekin bildu nintzenean berehala sentitu nuen Alkin zurgintzaren egiazko jakintza bat bazela. Gainera kohesio handiko taldea zuten, baita behar zena egiteko prest zen zuzendaria ere. Proiektua aurrera zihoala eta elkar ezagutzen ari ginela, ikusi ginuen Alkik zuen jakintza hori berbideratzean zela gakoa. Enpresaren balioa aintzat hartuko zuen merkatu batera zuzentzea, alegia.
Peio Uhalde:
...Eta hala jaio zen Emea kolekzioa. Gure istorio berria hasi zen, nolabait berriro sortu baikinen...
Enpresa batek bere burua berrasmatzen ahal ote du diseinuari esker? Diseinuaren mundua ez ote da oso artifiziala eta Alki-ren balioengandik urrun dena?Jean Louis Iratzoki:
Diseinua helburu eta irtenbideetara iristea ahalbidetzen duen prozesua da. Gauza ainitz diseina datezke: nortasuna, enpresa estrategia, antolamendua, objektuak etab. Hortaz, diseinuak ez du azalean gelditzen den gauza izan behar. Zenbait medioek darabiltzaten klixeek ez dute zerikusirik benetazko diseinuarekin. Enpresen egiazko eraldaketa eragilea izan daiteke, batik bat enpresa horren errotik datozen baloreetan oinarritzen delarik. Ariketa biziki zaila da, integrala behar du izan eta kadira edota mahain bat marraztea baino askoz urrunago doan lana da. Diseinua estrategiaren bihotzean kokatu dugu guk eta egiturako atal guztiak ikutzen ditu.
Nola sortzen dira atxikimendua duten produktuak?
Jean Louis Iratzoki:
Merkatua, bizitza arrunt laburreko produktuz josia dago. Batzuetan kalitate eskasa dela eta, beste batzuetan estetika nabarmenegiek aspertu egiten gaituztelako. Honen aburuz, neri interes handia pizten didate objektu jakin batzuekiko garatzen ditugun harreman afektiboek. Zergatik maite ditugu hainbeste? Zergatik atxikitzen ditugu objektu batzuk soilik? Harreman horien bilaketa beti izan da nere lanean presente. Biziki garrantzitsua da neretzat inguratzen gaituzten objektuek xinpletasun eta nolabaiteko diskrezioa ukaitea... Eta noski, material egoki eta zainduekin sortuak izan behar dute horretarako.
Ingurumena, garapen iraunkorra... Zer erran nahi dute hitz horiek Alki-rentzat ? Nola aplikatzen dituzue?
Peio Uhalde:
Alkiren lantegia baserrialdeko ingurunean kokatzen da, mendi tartean. Laborarien semeak gara gutako asko... horregatik garapen iraunkorra bezalako kontzeptuak egiazki kezkatzen gaituzten aferak dira. Gure esku den guztia egiten dugu bide huntan, adibidez lehentasuna emaiten diegu ekai naturalei: haritza, artilea eta zuntz naturalak. Produktuen kalitatea ere beste ardatzetariko bat da, gure altzariek denbora luzez irauteko bide bakarra delako. Bestalde guretzat oso garrantzitsua da inguruan diren atelierekin dugun lankidetza. Itsasuko lantegitik hurbil, Euskal Herri osoan zehar hornitzaile bikainak ditugu.
Zure ustez, zer egin behar da krisiari aurre egiteko?
Peio Uhalde:
Merkatuak biziki aldakorrak dira, eta krisiak beti gertatuko dira. Alki-k jadanik merkatu krisiak gainditu izan ditu. Azkena 2008 baino askoz lehenago hasi zen... Zailtasun horiek erakutsi digute beti erne egon behar dugula eta gure baloreei so eginez bide honi segida eman behar diogula. Egun, prozesu hori gure lan egiteko maneraren parte bat da eta egunero honen hobetzeko lanean gabiltza.
Nola ikusten duzu Alki-ren geroa?
Peio Uhalde:
Gure kezka nagusia, geroko belaunaldiei ondare kolektibo eta enpresa sendo baten transmititzea baita, epe laburreko irabaziaren bilaketak ez gaitu sekulan gidatu. 30 urte behar izan ditugu gure bidearen aurkitzeko, gure proiektua orokor eta sendoa izan dadin. Kooperatibak bere baloreak galdu gabe segituko du bere herriaren garapenean. Eta espero dut gure bezeroekin partekatzea proiektuarekiko dugun pasioa, eurak baitira mundurako ateak ireki dizkigutenak.